Trikaldi zentroaren hestearen berri izan dugu baina heste horren inguruan gardentasun falta nabarmentzekoa da : nora doaz bertan ziren ohe guziak ?

Herri Berri, herri hauteskundeetarako Donibane Lohizuneko ezkerreko abertzaleak biltzen dituen zerrendak jakinarazi du Trikaldi adineko pertsonentzako zentroaren hestearen aurka dela. Berrogei urteren ondotik eta Donibane Lohizuneko herriko eta inguruko adineko jendeari “hainbeste mesede eta zerbitzu on bete ondotik”, Trikaldi zahar etxea hesteko arriskuan dago, “Kostaldeko ospital zentroa”diru ainitz galtzen ari baita. Donibane Lohizuneko zerrendak salatu du dirua dela “arrazoi bakarra” eta “berriz ere Donibane Lohizune haien murrizketen entsaialeku bilakatu” dela. Izan ere Herri Berrik dio “Trikaldi danba betea” dagoela eta bertan toki bat aurkitzeko ilara “luze-luzea” dela, jakinez adineko pertsonen kopurua beti goraka doala. Zerrendak dionez, Trikaldin 22 ohe galduko lirateke, eta “haiekin batean diren lanpostu guziak” ere. Horrez gain, beste 52 oheekin zer gertatuko den galdetzen dute ezkerreko abertzaleek, oraingoz “nehork deus ez baitaki”. Udazkena deituriko beste zahar etxe batera beharbada gehituak izanen diren gogoetatzen ari dira, baina “zer baldintzetan” izanen den eskatzen dute.