Trikaldi laster suntsitua?

Berrogoi urteren ondotik eta Donibaneko herriko eta inguruko adineko jendeari hainbeste mesede eta zerbitzu on bete ondotik, Trikaldi zahar etxea zerratzeko irriskuan dago, «Kostaldeko ospital zentroa» diru ainitz galtzen ari omen delakotz.

Berdi zaie zahar jende kopurua beti goraldera joatea, Trikaldi danba betea egoitea edo hantxe sartzeko goait-lerroa luze-luzea izatea. Sosa da arrazoin bakarra eta berriz ere Donibane Lohizune haien murrizketen entsaialeku bilakatu da.

Zuzendaria zaharrei bere urteberria ematera etorri da eta nahiz eta, lainoetatik airatu bere solasa, Baionako Prissé den egoitza berrira 76 oheetatik 22 pasatuko direla esana baitu, horrek dakarzkien emaitza guziekin. Garbi mintzatuz, 22 ohe galduko dira eta haiekin batean diren lanpostu guziak. Zer gertatuko beste 52ekin? Haizea! Nehork deus ez baitaki. Beharbada Udazkena den zahar etxera gehituak? Baina nola eta zer baldintzetan?

Baionara eramatearen ideiaren ondotik, horra orai Udazkena, udaberria ala negu hotza denentzat.

Trikaldi ez da salgai!

Diogu, nahiz eta, dioten bezala, PLUren aldaketa baten ondotik hura saltzea posible liteke. Bihotzean ditugun betiko bi zaharleku horiek espekulazio imobiliari oparitzea ez da zuzena eta jaun auzapezari erraten diogu ez duela balio isilik egotea edo lainozko erantzunak ematea, horiek, gehienetan “dossier”-aren ez ezagutzea erakusten baitute eta, dudarik gabe, hauteskundeak baino lehen aipa ezinezko aitormenak baitira.

Herri Berrik jokabide horiek garbi salatzen ditu. Aste batzuen buruan hauteskundeak izanen baitira, donibandarrek arazo hau ezagutu behar dute eta haien bozkaz auzapeza ez utzi gure ontasuna saltzen eta gure zaharren egoera betiko suntsitzen. Berria zabaldu behar zaie donibandarrei,denek jakin dezaten egiazki zer gertatzen den. Hurbileko medikuntza segurtatzen duen Trikaldi behar dugu, bai guk, donibandarrok, baita ere aglomerazio komunitate berriak.

Ohe murrizketarik izan ez dadin eta behar berriak bete ditzagun, Herri Berri-ren nahia hauxe da: Ez suntsitu Trikaldi

Herri Berri agiria hemen