Herri Berri Donibaneko talde munizipala da.

2000an sortu zen, « Donibane euskaldun » talde munizipala ohia desagertu ondoren. Talde abertzalea izanik ere, Herri Berrik donibandar guziak bildu nahi ditu aniztasun kultural, sozial eta belaunaldikoa integratzen dituen proiektu baten inguruan, erronka ekologikoak ere kontuan hartuz. Herri Berri taldeak Michèle Alliot-Marie-k ezarri politikari alternatiba nagusia izan nahi du. Taldea 2001eko herri hauteskundeetan aurkeztu zen lehen aldiz, Xabi Soubelet zerrenda-buru zuelarik. %12ko emaitza egin zuen, herriko etxean 2 hautetsi lortuz.

Pascal Lafitte Herri Berri

2001 eta 2008 artean, ekimen mota desberdinak proposatuz, herri ekintza oso baten oinarriak pausatu zituen taldeak: herriko kontseiluan daraman oposizioko jarduera klasikoaz gain, Herri Berrik herriko etxetik kanpo ere eragiten du, herrian berean, donibandarrengana joanez: bilkura publikoak, dosierren prestatzea hainbat gairen inguruan, agit-prop eta sentsibilizazio ekintzak… Herri biziaren arlo guziak hunkitzen dituen programa garatzen badu ere, Herri Berrik bi lehentasun baditu: denentzako etxebizitza lehenik, Donibanen zirkulazio eta aparkatzea bigarrenik.
Azken agintaldian egin lanari esker, 2008ko hauteskundeetan %19,5eko emaitza egin zuen taldeak, herriko kontseiluan 3 hautetsi lortuz. Emaitza horrek taldearen eginbidea sendotzen lagundu du, haren entzungarritasuna handitzen zen bitartean : Herri Berri izan da, adibidez, mediatekaren neurriz kanpoko proiektuaren zentzugabekeria salatu zuen lehena (2008ko UMPko zerrendaren programaren zutabe nagusia zena); Herri Berriren eraginaren ondorioz ere dira hartuak izan, 2008tik goiti, herriko kontseiluan, etxebizitza arloko neurriak (etxebizitza sozialen eraikitzearen berrabiatzea 10 urte baino gehiagoko inertziaren ondotik ; etxebizitza sozialen %30eko kuota baten inposaketa etxebizitza programa pribatuetan ; etxebizitza zerga etxe hutsei zabaltzea eta “Louons solidaire” dispositiboaren martxan jartzea, eta abar…).
Lan horren emaitza, 2014ko herri hauteskundeetan Herri Berri zerrendak %26a lortu du, 4 hautetsi eta hautetsi bat hiri elkargoan.

Herri Berriren gaur egungo filosofia politikoan aldaketa handirik ez da, bainan herrien arteko politika globalean, gero eta gehiago, eta bost norabidetan kokatzen da :
–       Lehentasuna Donibane zentroko etxebizitzaren problematika gelditzen da Herri Berrirentzat, horrek baitu zentroaren berdinamizatzea ahalbidetuko, auzo guzien aktibitatea (ekonomikoa, kulturala edo soziala) garatzen lagunduko eta garapen urbanoa egoki kudeatuko.
–       Etxebizitza gaiari zuzenki lotua, hiriranzko eta hirian bertako joan-etorrien eta aparkatzearen problematika dugu. Herri Berriren ustez, Cœur de Ville aparkalekuak sinbolizatzen duen egungo “dena autoz” logikari alternatiba atxeman behar zaio, garraio publikoak eta zirkulazio modu goxoak lehenetsiz.
–       Hurbileko ekonomiaren bultzatu nahi dugu, zentroan aniztasun komertziala berreskuratzeko eta auzoen bizia berpizteko. Gaur egun, Donibane Lohizune luxuzko hiri baten irudia du eta abantzu esklusiboki zentro historikoari ematen zaio garrantzia.
–       Herri politikan garapen iraunkorraren logikak kontuan hartu behar dira, bere dimentsio osoan eta ez bakarrik noiztenkako ekintza ekologikoen inguruan komunikatuz. 2011n Herri Berrik landu “Donibane 2040” izeneko dokumentua publiko egin da. Txosten honetan Herri Berriren programaren deklinazioa ikus daiteke, 10 arlotan (ura, airea, zirkulazioa, aparkatzea, hirigintza, kultura, kirola, garapen ekonomikoa, eta abar…)
–       Herri Berrirentzat Donibane Lohizune ez da Euskal Herritik isolatua den hiri bat. Horrela, taldeak Euskal Herriaren erronkak toki mailan aitzinarazten ditu : euskararen aitorpen ofiziala, berezko lurralde kolektibitatea ukateko beharra, 2011n Aieten hasi bake prozesuan parte hartzea….
Gaur egun, dinamika Donibane Lohizune eta orokorkiago Hego Lapurdiko hiri elkargoa beste manera batez (gorago aipatu printzipioetan oinarrituz) kudeatu behar dela pentsatzen duten guziei ideki nahi dugu.Taldearen hausnarketak eta ekinbidea aberasteko gogoa duen nornahi hurbil daiteke beraz, bere gaitasunak edo inplikazio maila edozein izanik ere.
Ongi etorri !