Zerbitzu publikoak Iparraldean atxikitzeko eta politika publikoak Iparralde mailan garatzeko eta kudeatzeko, Herri Berri lurralde kolektibitatearen alde.

Herri Berriko hautetsiak – ezkerretik eskuinera Paxkal Lafitte, Alain Duclercq (bizkarrez) eta Peio Etcheverry-Ainchart – eta Yvette Debarbieux, hautetsien banderola atxikitzen Lurralde Kolektibitatearen aldeko
2000an sortu denetik, hobeto bizi daitezen Donibandarrentzako lan egiteaz gain, Herri Berri taldea engaiatua da ere Euskal Herria eta euskal herritarrak hunkitzen dituzten gai eta dinamika zabalagoetan.
Engaiamendu horren adibide dugu Baterak bultzatu ekimenetan Herri Berriko kideen parte hartze aktiboa. 2010eko martxoan adibidez, anitz izan dira egun osoan Donibane Lohizuneko 9 bozka bulegoen aitzinean mahai bat atxiki duten Herri Berriko kideak bozka emaileek « Euskal Herriko Lurralde Elkargo baten alde zirea ? » galdeari buruz iritzia eman zezaten. 2011ko azaroan, Dukontenia gelan, Herri Berriko kideek « Euskal Herriko Lurralde Elkargoa zertan litaike integratzailea ? » eztabaida antolatzen lagundu zuten. Karrikako manifestaldietan ere Herri Berri taldea ongi ordezkatua izan da beti, izan Baterak antolatu mobilizazioetan, izan Euskal Herriko Lurralde Koordinazioak joan den ekainean antolatutakoan. Herri mailan, anitz izan dira taldeak gai horren inguruan herriko kontseiluetan pausatu aktualitate galdeak.
Heldu den azaroaren 30ean, Maulen, 15:00etan, sortzetik beretik dituen lau aldarrikapenen inguruko manifestaldia antolatuko du Batera plataformak (Euskal Herriko Laborantza Ganbara baten sortzea, Eskumen zabaleko unibertsitatea Baionan, euskararen koofizialtasuna eta Euskal Herriko Lurralde Kolektibitatearen sortzea).
Azken aldarrikapen honi dagokionez, argi da Iparraldeari ezagupen instituzionala emateaz gain horrelako Kolektibitate batek delokalizazioaz mehatxatuak diren hainbat zerbitzu publiko (CAF, CPAM…) Iparraldean atxikitzea ahalbidetuko lukeela eta politika publikoak (garraioak, etxebizitza, euskal kultura, euskara…) Iparralde mailan garatuz hobeto kudeatuko liratekeela.
Erronka guzi hauek kontuan harturik, Herri Berri taldeak Iparraldeko biztanle guziak Maulera joatera deitzen ditu, etorkizunean lurralde honen garapena ahal bezain egoki kudeatua izan dadin eskatzeko. Bestalde, Herri Berri taldeak jendea autobusez joatera gomitatzen ditu (informazioak eta toki atxikitzea Donibane Lohizuneko autobusean zenbaki horretara deituz : 06.85.40.57.13).