Hara, lerro hauek idazten ditugun egunean marra gainditua da HELEP edo EPCI bakar delakoaren bidean. Hemendik laster, Ipar Euskal Herriak bere lurraldetasuna errespetatuko duen lehen egitura lortuko du. Herri Berrik Iparraldeko berezko instituzio baten eskakizuna betidanik eraman du, eta Donibaneko zerrendetarik bakarra izan da beti hauteskunde programean argi eta garbi asumitzeko. Joan den apirilean, herriko kontseiluak abantzu aho batez alde bozkatu du, auzapeza barne. Hainbat hobe, jende guzti horiek azken urteetako mobilizazioetan sekulan parte hartu ez izanak beldurtzen ahal gintuelako.
Bainan orain bataila ez da bukatua. Herri elkago berri honetan, hautetsien izendatzea gehiengoen esku izanen denez geroz, herrietako oposizioak ez dira ordezkatuak izanen. Bozka unibertsala beharrezkoa da egitura zinez demokratikoa bilakatzeko. Azkenik, egiazko instituzio baten bidean segitu beharko dugu, ez baitugu ahanzten sasi instituzio hau ez dela hemengo jendarteak gehiengo zabal batez aldarrikatzen zuena.

Berriak 80.eko Herri Berriren idazkia – 2016ko maiatza