Seriostasun falta handia nabari da itzulpenak egiterako orduan. Honek, euskararekiko duten axolagabekeria eta errespetu falta uzten du agerian. Egoera negargarria, jakinez, Herriko etxean hautetsi bat dagoela euskara arduradun gisa. Herriko etxea da, egoera honen erantzule bakarra.

Zer pentsatuko luke Iratzederrek, euskara anitz maite zuen poetak, Donibane Lohizunen atzematen diren euskarazko seinaletitak ikusiko balitu ?

traductions en euskara approximatives à Saint-Jean-de-Luz

Google-translate….

Egia da, lan bat egin dela Donibane Lohizuneko bide seinaleak euskaraz ere izan daitezen. Baina gauzak egiterako orduan, ongi eginak direla ziurtatu behar gira. Ez dugu beste munduko zerbait eskatzen. Gure ustez, itzulpenak, itzultzaile profesional batek edo euskal hiztun batek egin beharko lituzke, google-translaten bidez egin daitezkeen akatsak sahiesteko.
Thiers hiribidean den bide seinalean « Norabide guziak » idatzia egon beharko luke. Bi hitz besterik ez dira. Aditzik edo gramatika zailtasunik ez duen esanaldi bat da eta hala ere, akatsa egina izan da.

Irri egin hala negar ?

Kasu batzuetan, akatsa eta txistearen arteko duda sortzen zaigu. « Free eserleku » idatzia ikusi dugu ere eta ziur, euskararen aurka den edonork mezu bera idatzirik ikusi nahiko lukeela frantsesez ere. Zeri pentsatzen zuten itzulpen hori egiterako orduan ? Nola ulertarazi pertsona horri gainera itzulpen txarra egiteaz gain, « free » hitza ez dela euskara inglesa baizik ?
Baina akatsa ez da hortan gelditzen ! « Eserleku » ! Hitz horren definizioa, esertzeko leku bat da. Eta gure buruari galdezkatzen diogu : Nola eser daiteke auto bat?
Baina agian, horren atzean beste zerbait dago ? Agian, Donibane Lohizuneko herriko etxeak aparkalekua kendu nahi du eta Donibandarrei zuzendutako espazio kultural bat eraiki nahi du bertan ? Horregatik dago idatzia beraz eserleku hitza….

euskaraldia, pour favoriser l'usage du basque au quotidien

Erantzukizun politikoa

Ez dakigu irri hala negar egin behar dugun baina zerbait argi dugu, euskararen egoera zein den ikusirik, ezin dugu onartu holako akatsak egin daitezen. Batez ere, bide seinale publikoetan emateko direnean .
Euskararen erabilera bultzatzeko, « Euskaraldia » ekimena hastear da. Donibane Lohizuneko herriko etxeak, argazkietan ikusi ahal izan dugun bezala, euskara arduraduna bidali du desmartxa sustengatzen duela adierazteko. Eta bai, harritzekoa bada ere, gaur egun, euskara arduradun bat dugu oraindik herriko etxean. Biziki ongi da sustengatzea baina eragin behar da ere. Euskara arduradun bat dagoen heinean, honek, itzulpenak ongi eginak direla segurtatu beharko luke, batez ere, pertsona hori, PNBko kide denean eta alderdi bereko beste pertsona bat, Euskararen Erakunde Publikoaren buru dela dakigularik.

Ze itsura emanen du Donibane Lohizunek, Donibandarra den edo ez den euskal hiztun batek seinaletika hori ikusiko duenenean ? Euskarak ez al du errespetu gehiago behar ? Gaixo euskara….