2016ko irailan, Herriko kontseiluan eztabaidagai genuen Antolakuntza eta Garapen iraunkor Proiektuko (AGIP / PADD) dokumentu administratiboa. Tokiko hirigintza planaren (THG / PLU) berriskuspenaren baitan, AGIP dokumentu garrantzitsu bat da.

AGIP-a ikuspegi estrategiko eta prespektibo bat da gure lurraldearen garapenerako, hurrengo hogei-hogeita bost urteentzat. Norabide orokorrak argitzen ditu arlo urbanistikoan, hornikuntza politikoan, ekipamenduetan, espazio naturalean eta oihan eta laborantzaren babesean (article L. 151-5 du Code de l’Urbanisme). Herriko etxeko politika orokorreko norabide nagusiak eta gauzatzeko erabiliko dituen tresnak aurkezten ditu.
Lehen eztabaidatik, herriko etxeak argiki erakutsi du Errota zahar zonaldea etxe multzoz osatzeko xedea zuela. Herri Berrik ordea, argiki adierazi du bere oposizioa hiru argumentu nagusi azpimarratuz.
Jokoan dena ongi ulertzeko Errota zahar gunea kokatu behar dugu: Azkaingo bidean da, Xantako kolegioa eta kirol zelaidien parean, igerilekuruntz joateko bidexkaren eskuinaldean. Azpimarratu behar da, Urdazuri ibaia hortik 300 metrotara dela eta zonalde horretan ez dela erlieberik.
Nahiz eta gure ezadostasuna adierazi herriko etxeari, zonaldea eraikigarri bilakarazi du. Horregatik, 2016 geroztik, etxe bat eta bide bat ikus daitezke. Itsasbazterreko legea (loi litoral) aplikatuz, ezingo litzateke eremu eraikigarria izan, legeak herrixka berri bat sortzeko aukera ezeztatzen baitu, hiriaren nolanahiko hedapenari aurre egin ahal izateko.
Gainera, hasiera batean aurre ikusia zen 7 hektare horietan 30 etxe salgai ematea. Geroztik, aldaketak izan dira eta orain 15 etxe salgai emango liratezke. Eskaintza horrek esan nahi du, etxebizitza baten prezioa 500 000€ eta 1 000 000€ artean kokatuko dela!
Argi da horrelako eskaintza bat baliabide ekonomiko handiko pertsonei zuzendua dela, donibandar gehiengo handi bat bazterrean utziz. Berriz ere proiektu berri bat populakuntza aberats eta kanpotiar bati zuzendua!
Horrezgain, holako prezio altuak aplikatzen badira, areagotuko lueke gure hiriko lurraren prezioaren inflazioa eta horrekin batera, donibandarren kanporaketari parte hartuko genuke, bikote gazteetatik hasita.

Hori onartezina zaigu!

photos aériennes de la zone errota zahar à Saint-Jean-de-Luz

Zergatik Errota zahar zonaldearen hiritartzearen aurka gira? Hemen dituzue hiru argumentu nagusiak:

  • Erakunde ekologista ofizial guztiek hezeguneetan biodibertsitate aberatsa kontserbatzeko deia egiten baitute (Barthes de la Nivelle kasua bezala).
  • Urdazuri ibaiko ohe nagusia da, geriza eremua, uhalde handiak edota itsas koefiziente handiak direlarik xurgatze lanak burutzen dituen zonaldea baita, ibai hertzean diren auzoak babestuz: Ixaka, Urdazuri, Fargeot, Errepira auzoak eta hiri-zentroa barte handi bat!
  • Horrezgain, ezin dugu onartu dokumentu ofizialek (PADD, SCOT) ere gutxiesten duten proiektu bat. Lurraren kontsumoa bultzatzeko eremu heze eta natural baten erabiltzearen aurka gira. Horren lehen ondorioa hiriaren hedapen eta zalbatzearen segipen bat delako.

Gure argumentazioa frogatzeko, aski da Donibaneko AGIP-ak zer dion begiratzea:
Mugatu behar da garapen urbanistikoa uzten duen aztarna, ingurumena babestuko dituzten ekintzak sustatuz.

Hirigintza kodearen jarraibide berriak kontutan hartuz, hamar urtez murriztu behar da nekazaritza eta gune naturalen erabilera.

Garapenerako hautu bat egin behar da bateragarri izango dena traba fisiko (ingurumenezko trabak, paisaizkoak, arriskuenak…) nahiz legedizkoekin (PPR, SPR, Natura 2000…) eta babestu behar dira gune naturalak eta nekazaritzarako lurrak, hunkiezinak blikaraziz.

Lurren okupazioak kontrolatu eta mugatu behar dira arriskuan diren zonaldeetan (uholde arriskuak dituzten eremuetan).

Bukatzeko, hona pausatu nahi dugun galdera: Errota zahar eremua urbanizazioari irekitzeak bat egiten al du PADD-ren printzipio eta eskakizunekin?