Donibane Lohizuneko oposizio taldeak agerraldia egin du gaur goizean Elgar etxebizitzako xedearen karietara azken berriak emateko. Preseski, Paueko epaileak Peyuco Duhart auzapezaren kontra joan den urrian eman epamahaia plazaratu du Herri Berrik. Hautetsi abertzaleek nabarmendu dutenez, lur eremua erosteko jujeak finkatu kopurua oso altua izanki -Herriko Etxeak milio bat eskeini zien Elgar akanpalekuaren jabeei eta epaileak 4 milio goiti ezarri ditu-, etxebizitza sozialak egiteko egitasmoa kolokan ikusten dute hautetsi abertzaleek. Herri Berri taldeak agerian utzi duenez, auzapezak ez du inolako informaziorik eman.
Aspalditik Donibane-Lohizuneko biztanleek pairatzen duen etxebizitza sozialaren gabezia emeki-emeki gainditzeko bi egitasmo bultzatu ditu azken urte hauetan Herriko Etxeak. Alde batetik, Alturan proiektua, non 200 bat etxebizitza soziala eraikitzen ari dira. Bestetik, herriko sarreran kokatzen den Elgar akanpalekuaren eremuan beste 150 etxebizitza soziala egiteko xedea aurkeztu zuen Herriko Etxeak.

Herri kontseiluak 2004ean onartu zuen egitasmo aitzinera eramateko «arazoa berriak» sortu direla jakitera eman dute Pascal Lafitte eta Lamia Horchani hautetsiek. Hedabideen aitzinean Peyuco Duhart auzapezak desjabetze auzian jasotako kontrako epamahaia erakutsi dute.

Paueko jujeak joan den urrian hartu zuen erabakia. Alta, «auzapezak ez du deus erran» azaldu du Lafittek. Oposizio taldeak «isiltasun horren arrazoinak» jakin nahi lituzke, baina auzapezak azalpen bat eman bitartean «lohitzundarrei publikoa den ebazpen larri baten berri ematea» erabaki du.

Ebazpena ezagututa, etxebizitza sozialak eraikitzeko Elgar xedea kolokan ikusten du Herri Berrik. Hasieratik akanpalekuaren jabeek 6,3 milio eskatzen zuten desjabetze prozesua onartzeko. Herriko Etxeak 1,7 milioi eskeintzen zuen, alta. Ezadostasuna gainditzeko auzitegirat jotzea erabaki zuen Herriko Etxeak.

Joan den urriaren 15ean, Paueko jujeak 4,2 miliotan xifratu du indemnizazioa, hots aurreikusten zuen baino 3 milio gehiago ordainduko behar luke Herriko Etxeak Elgar etxebizitza xedea aitzina eramateko. «Lur eremua hain kario ordaindurik, nola bermatuko dira etxebizitza sozialen prezioak ? » galdetu dute Herri Berri taldeko ordezkariek.

Etxebizitza sozialen gabezi historikoa

Lafittek eta Horchanik nabarmendu dutenez, 2009ean legeak finkatzen duen baino 408 alokairuzko etxebizitza soziala gutxiago ziren Donibane Lohizunen. «Elgar xedea hondora badoa, zein da Duhart auzapezaren B plana etxebizitza sozialen gabezi historikoa gainditzeko ? » galdetu dute hautetsi abertzaleek.

Legeak finkatzen duen biztanleko etxebizitza soziala kopurua ez betetzeagatik urtero-urtero amenda ordaindu behar du Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak. Iaz 72 000 euro ordaindu zuen.

Herri Berrik azaldu duenez, eskuineko gehiengoak Elgar egitasmoa mahai-gainean ezarri zuenean gardentasunarekin jokatu zuen. «Erregularki informazioa jasotzen genuen», aipatu dute hautetsiek.

Izan ere, azken hilebetetan isiltasuna nagusitzen dela sumatu dute. 2009ko abenduaren 11ean egindako Herri Kontseiluan Duhart auzapezak ez urriaren 15ko ebazpenari buruz ez da azaroaren 16an Herriko Etxeak erabaki horren kontra ezarritako helegiteari buruz inolako aipamenik ez zuelako egin bere «harridura» agertu du gaur oposizio taldeak.

( Peyuco Duhartek ez du afera honi buruz bere iritzia eman nahi izan. Goizeder Taberna, “Le Jounal du Pays Basque-Euskal Herriko” kazetaren erredaktore-buruarekin elgarrizketan, Herri Berri Taldeak hedabide aitzinean azaldu duena ezagutu ondoren soilik emanen bere ikuspuntua aipatu du auzapez lohizundarrak )