Baiona 2014 zerrendaren ondotik, Donibane Lohitzuneko Herri Berri zerrendak bere ardatz nagusiak eta zerrenda osoa aurkeztu ditu. Pascal Lafitte izanen da zerrenda buru eta bere atzetik Lamia Horchani aurkituko dugu. Ondotik Peio Etcheverry Ainchart eta Yvette Debarbieux aurkitzen dira, hurrenez hurren. “Ezkertiar eta abertzale” zerrendak “donibandarren bizia hobetzeko proiektu bat” plantan ezarri dute, eta laster aurkeztuko dituzte beraien programaren zehaztasunak. Peyuco Duhart auzapezaren ondotik, Donibane Lohitzunen ofizialki aurkezten den bigarren zerrenda da Herri Berrirena. Herri Berrik adierazi du bere proiektua desmartxa kolektibo baten inguruan sortu zela eta proiektu hori programa batean gauzatzen zela. Donibane Lohitzunerentzat hiru ardatz nagusi aurkeztu dituzte, eta horiek aparte, beste hainbat gai zeharka aurkituko dira edozein ardatzetan. Lehen ardatz nagusia

etxebizitzarena izanen da, bigarrena enpleguarena eta azkena hiriguneko zirkulazio eta aparkatzearen arazoa. Horrez gain, euskarak toki garrantzitsua izanen du eta zeharka aurkituko da gai guztietan. Demokrazia parte hartzailea eta garapen iraunkorra ere gai ororetan zeharka landuak izanen diren gaiak izanen dira. Azkenik, elkartasun soziala, haurrak eta eskola, eta kultura eta elkarteen biziaren inguruan egindako lana martxoan zehaztasune gehiagorekin aurkeztuko dituzte.

Herri Berrik bere dsemartxa “idekia, anitza, biltzailea” dela azaldu du, eta zerrendara hurbildu diren pertsona guztiek proiektuarekin bate egiten zutela nabarmendu dute. Zerrenda osatzeko “zailtasunik ez” dutela ukan esan dute, jende ainitz hurbildu baita. Hala nola ferdeekin hautetsia izan den pertsona bat eta alderdi sozialistarekin hautetsia den beste gizon bat Herri Berriren zerrendara hurbildu dira, “beraien sentsibilitatea eta beraien proposamenekin”, desmartxa “aberasteko”.

Hiru ardatz nagusi

Herri Berriren hiru ardatz nagusien artean lehena etxebizitzaren arazoa konpontzea izanen da. “Etxebizitza denentzako eskubide bat” dela azpimarratu dute, eta “ez batzuentzako luxu bat”. Gaur egun boterean den zerrendak etxebizitzaren adleko lana “beranduegi hasi” eta ez dutela “aski sakondu” salatu dute, lurraren prezioa “goraka” doala gehituz.

Enpleguari dagokionez, hiruguneko komertzioen alokatze kontratu prekarioek Donibane Lohitzuneri “Saint Tropez bezalako luxuozko irudi bat” emaen zutela salatu dute. Hurbileko saltegirik ez dagoela kritikatu dute ere.

Hirugarren ardatz nagusia hiriguneko zirkulazio eta aparkatzearen arazoa da. Donibandarren “bizi kalitatea hobetu” nahi du Herri Berrik, eta aurkitutako aterabideek “garapen iraunkorrarekin bat egitea” nahi dute kideek.

Horrez gain, elkartasun sozialak ere garrantzia ukanen du, haurrek eta eskolek bezala. Kultura eta eta elkarteen biziari ere inportantzia emanen diote Herri Berriko kideek.

Zeharkako gaiak

Gai nagusi eta azpi gaietaz aparte, beste hiru lan ildo zeharka aurkituko dira gai guztietan. Zeharkako lan ildo horien artean aurkitzen da euskara. Peio Etcheverry Ainchartek esplikatu du zeharkako gai baten abantaila gai guztiekin lantzeko aukera ematen duela, eta ardatz bat bakarrik izatean, pixkat baztertua izateko arriskua ekartzen ahal zuela.

Beste bi zeharkako gaiak demokrazia parte hartzailea eta garapen iraunkorra izanen dira.

Zerrenda ugaria

2008ko hauteskundeetan bozken %19,47a lortu ondotik lehen itzulian, martxoaren 23 eta 30an antolatuko diren hauteskundeetan Herri Berril anbizio handiarekin prestatu ditu aurtengo hauteskundeak. Pascal Lafitte zerrenda buruak adierazi du lehen itzuliaren helburua “bigarren itzulira pasatzea” zela, eta bigarren itzuliko asmoa “lehena izatea” zela. Lafittek bosgarren kanpaina du aurtengoa eta 2001etik goiti Donibane Lohitzuneko hautetsia izan da.

Aurtengo zerrenda egiteko “arazorik ukan ez” dutela esplikatu dute, azpimarratuz Donibane Lohitzuneko “auzo desberdinetako jendea”, “urte desberdinetako” eta “sail profesional ugarietako” pertsonek osatu zutela zerrenda.

2008ko zerrendari konparatuta, aurtengoa “%60an berritua izan da”, eta 33 izenen artean, zortzi pertsona hautestiak dira edo izanak dira garaian.