Martxoaren 8an, larrialdi egoeran diren emazteei harrera gune baten eta baliabideen eskaintzeko beharra azpimarratu dute, besteak beste.

Martxoaren 8aren karietara, Donibane Lohizuneko Herri Berri taldeak emazteen harrerarako guneen sortzea, eta emazteen lan baldintzetaz zein haurren zaintza lanari buruz hausnartzeko lan talde baten sortzeko proposamenak luzatu ditu.”

Martxoaren 8ko eguna emazteen eskubideen aldeko politika publikoen bultzatzeko eguna ere bada Donibane Lohizuneko Herri Berri oposizioko taldearentzat. Egun horren karietara, emazteen egoeraz jabetzeko nahia erakutsi eta proposamenak egin ditu. Hauen artean, larrialdi egoeran diren emazteei harrera gune baten eta baliabideen eskaintzeko beharra azpimarratu dute, baita ere egunerokoan guraso lana eta familia bizitza uztartzeari buruzko hausnarketa baten eramateko beharra.

Donibane Lohitzunen, hilabete guziz bi emaztek larrialdi egoera bati ihes egiteko aterpe bat eskatzen dute. Gaur egun ordea, herriak ez du galdera horiei erantzuteko gaitasunik. Aterpetzeko gelak larrialdi egoearen dauden pertsona orori idekiak direlako alde batetik, eta ardura, gelak berak ez direlako familia baten errezebitzeko antolatuak, baizik eta pertsona bakar batendako eginak. Herri Berri taldeak Herriko Etxeari proposatu dio apartamendu batzuk larrialdi egoeran diren emazteak aterpetzeko atxikiak izan daitezen.

Horretaz gain, Hego Lapurdiko Hirigunean harrera gune baten beharra legokeela azpimarratu dute Herri Berriko hautetsiek. Baionako hirian kokatua dagoen “Les Mouettes” larrialdietarako harrera eta aterpe gunea beti betea dela ohartarazi du Yvette Debarbieux Herri Berri taldeko hautetsi komunistak, gehituz “larrialdiko egoera gure herriko arazoa ere” badela.

Bestalde, CIDF edo emazteen eskubideei buruzko informazio guneko pertsona batek Donibane Lohitzunen permanentziak atxikitzearen beharra aipatu dute, emazteek anonimoki eta urririk harrera bat josotzeko aukera ukan dezaten.

Emazteen zigor biderkatuaz

Emazteei harrera eskaintzeaz haratago, emazteen eguneroko lan zamaren berrikusteko beharra ere nabarmendu dute Herria Berriko hautetsiek. “Emazteek beren zigorra bikoiztua edo hirukoiztua dute beti” adierazi du Yvette Debarbieuxk, orroitaraziz maiz lan sari tipiekin, lan prekarioekin, eta zaintza lanakin konpondu behar dutela emazteek.

Egoera horri aterabide baten atzemateko, emazteen egunerokoari buruzko hausnarketa eramateko lan talde bat sortzeko asmoa plazaratu dute. Taldea, hain zuzen ere haurren zaintza eta lan profesionala uztartuz bizi diren emazte zein gizonetaz osatuko litzateke. Eta helburutzat lan ereduei buruzko pentsaketa luke, horretarako enpresa eta lan eskaintzetaz arduratzen diren erakundeekin, hala nola ANPErekin eztabaida guneak antolatzea pentsatzen dute, besteak beste.

Haurren egoera

Zaintza lanaren haritik, Herri Berri taldeak haurren egoerari ere heldu nahi dio. Banatuak diren aitamek haurra bata bestearen eskuetan uzterakoan, gune eroso eta lasai bat beharrezkoa dela azpimarratu du. “Maiz bi gurasoen elkartze momentua gatazkatsua da, eta haurraren eskuz pasatzea urduritasunezko giroan egiten da” ohartarazi du Debarbieuxk. Momentu horietarako, agian profesional baten beharra eta batez ere gune neutro baten ezartzea proposatu dute.

Aurkeztutako proposamenei herriko auzapeza ez dela itxia adierazi du Debarbieuxk. Izan ere, azken honek azpimarratzen du oraino ere emazteen eskubideen aldeko politika publikoak plantan jartzekoak direla. Baldintza hauek gizarte osoari onura dakartela baieztatu du hautetsiak, berretsiz “beraien borrokaren bitartez, emazteek gizarte osoa aitzinarazi”