Herriko Etxeetan, akta zibiletan, euskarak bere leku oso osoa hartu behar du eta aukera guzietan agerian izan, ezkontzetatik hasita.

Herri Berriko hautetsien adierazpenak

  • Donibane Lohizuneko Herriko Etxean : «Mme, consentez-vous à prendre pour époux, ici présent?» Célébration d’un mariage en français, bien et classique.

«Anderea, onartzen duzu senartzat hartzea hemen den…?» Ezkontzaren ospakizun bera, euskaraz eta frantsesez, bi hizkutzetan hobe!

Zilegi ote da? Baietz, dudarik gabe, legeak dio frantsesarekin batera euskaraz ospatzen ahal dela ezkontza Herriko Etxean. Posible ote da? Baietz, ezkontza ospatzen duen hautetsiak euskara menperatzen badu… noski.

Nola egin? Aski da eskatzea, Herriko Etxean, ospakizuna bai euskaraz eta bai frantsesez egin dadin. Ez dute ezarik emanen baina, berehala, arazoa agertuko zaie: hautetsien artean nor da gai ospakizun hori bi hizkutzetan egiteko? Auzapeza? Axuantak? Orain arte, ez dugu sekulan entzun euskara erabili dutenik ezkontza baten ospatzeko. Beraz nor?

Gu, Herri Berrikoak! Herriko Etxean eskatuz, arazorik gabe –egun hartan libro bagira – ospakizuna egiten ahalko dugu eta… plazerrez!

Herriko Etxeetan, akta zibiletan, euskarak bere leku oso osoa hartu behar du eta aukera guzietan agerian izan.

Beraz, euskaraz ere bai… Biba ezkonduak!